2024-04-17

Militante politikoen defentsan, Amnistia osoa!

Aurten Preso Politikoen Nazioarteko Egunak eta Aberri Egunak bat egiten dute. Gaurkoan Tinkok zera adierazi nahi du.

Militantzia politikoa eta errepresioa txanponaren bi aldeak dira. Mugimendu iraultzaileek egoera errotik aldatzeko lanean diharduten bitartean, klase dominatzaileek biolentzia neurrigabea erabiltzen dute zapalkuntza eta esplotazio egoera bere horretan mantentzeko, une bakoitzean gehien komeni zaien bitartekoa erabiliz.

Euskal Herriaren kasuan, Frantzia eta Espainiako Estatuen bitartez gauzatzen dute errepresioa burgesiak eta oligarkiak, batzuetan modu legalean eta beste batzuetan ilegalean, baina beti inolako zilegitasunik gabe, errepresio horren helburu bakarra gehiengoa garen langileon sufrimenduaren eskutik ezin hobeto bizitzen jarraitzea baita.

Horren aurrean milaka dira Euskal Herrian matxinatu diren militante politikoak, eta haietako askok kartzelan, erbestean, deportazioan edota hilda bukatu dute. Hori dela eta, edozein mugimendu iraultzailearen betebeharra da amnistia osoa aldarrikatzea eta berau lortzeko borroka egiten jarraitzea.

Burgesiaren morroiek aspaldi ekin zioten militante konprometituenei haien izaera politikoa lapurtzeko lanetan, biolentzia erabili duen militanteari preso politikoa izatea ukatuz.

Alabaina, baieztapen horrek ezarritako ordenaren aurka matxinatzen den ororen izena zikintzea eta bere aurkako errepresioa erraztea du benetako helburu. Herri otzana behar dute, jauntxoen gehiegikerien aurrean egoera iraultzeko gaitasunik gabea.

Presoari izaera politikoa ematen diona ez da arauen barnean aritu izana, ezta biolentzia iraultzaileari muzin egin izana. Hori hala balitz ezein militante ez litzateke politikoa izango, borrokatzen duen sistemaren legediaren arabera ilegaltasunean ariko baita beti.

Presoari izaera politikoa ematen diona eskubide kolektiboen alde borroka egin izana da, eta ez horretarako erabili duen borroka moldea. Borroka moldearen araberako bereizketek zapalkuntza betikotzea bilatzen dute, baita okzidental deitutako estatuetan aurrera eramaten ari diren joera autoritario eta faxista justifikatzea ere.

Euskal Herriaren kasuan hamarkadak daramatzagu askatasun zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak bermatuak izateko borrokan, eta prozesu horretan ezin ditugu ahaztu balore horien aldeko borrokan eskuzabaltasun handienez aritzeagatik kartzelan bukatu duten militanteak. Errepresioaren unerik zailenetan duintasun gaindiezina erakusten jarraitzen duten eta etsaiaren xantaia ezberdinen aurrean tinko jarraitzen duten militante politiko errepresaliatuez ari gara.

Amnistia osoaren defentsa preso, deportatu, errefuxiatu eta klandestinitatean daudenen askatasuna baino askoz ere aldarrikapen integralagoa da. Amnistia osoa pertsona hauek borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzea da. Euskal Estatuaren sorreratik pasatu behar da hori, baina ez edozein estatu.

Ez luke zentzurik aurrekoen antzeko zapalkuntzak birproduzituko eta betiko eliteen interesak defendatuko lituzkeen estatu baten sorrerak. Zapalkuntza guztien gainditzea bultzatuko duen estatua behar dugu, klaseen abolizioan ekarpen internazionalista egingo duena, eta hori Euskal Estatu Sozialista da. Hau lortu arte gure ekarpena egiten jarraituko dugu errepresioari aurre eginez.

Militante politikoen defentsan duintasuna, elkartasuna, borroka eta amnistia osoa!